Canalblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité
José Luis Zumeta
28 mars 2014

Merinoren liburua -1

José Luis Merino : Zumeta 

Zumeta retrospectiva, atzera begira,

Eusko Jaurlaritzaren kultura eta turismo saila

1989, 190 o.

 

Artearekikoan, kulturako eta bizitzako bestelako modu edo ekintzatan bezalaxe, gauzak ez dira behar bezala aditzera eman, eta horren errudun guztiok izan behar dugu. Herri-erakundeak, laguntzak emanez eta beren ekinbidez, eurei dagokien mailan, hutsune hori betetzen hasi dira. Zer garenari, egiten dugunari edo dugunari buruz argipide ematen, eta lan horretan buru-belarri gabiltza Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo-Sailekuok. Are eta gehiago, aurrerakuntza eta kulturarako ezinbestekoa den argipide/berri emateko alditik gauzez jabetzeko beste aldira aldatzen ari garen garaiotan. Hortik zehar egindako gauzak agirian jartzetik erakusketak egiteko aldiari ari zaio bide ematen, baina hau egin ala ez bakoitzaren esku dago. Jatorra izatea ez da asko, horrelako itxura izan behar da. Esatea ez da aski, esaten dena sinistarazi egin behar da. Erakustea ez da aski, interesgarri, baita limurtu ere, egin behar da. Horregatik, lan batzuk agirian jartzea ez da aski, hoirien azalpena egin behar da, horiek ulertarazi egin behar dira... eta horiek jendeari sinisgarri egion behar zaizkio.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo-Saila, Kondaira eta Arte-Ondareko Zuzendaritzaren bidez, oraindik bizi den eta bere lana ondo ezagutzen duen euskal artista baten lanak bilduz, honen lanaren erakusketa egingo dernarekin batera, argitalpen batzuk egiteari ekin zaio. Beste artistekin ere egin zen, eta haien arrakasta nabarmena izan zen. Horrela, Sailak euskal artistek eurek egindako buzipenei eta Arteko Aholku-Batzordearen gomendioari jaramon egiten die. Argitalpen honek gizartean, bere gizartean, sartzeko eta horrekin harreman hobeak izateko bideak errazagotu egingo ditu eta, hori, elkarren arteko ulergarritasun horrek egindako lanaren beraren bidezkotasuna argi uztez gainera, harreman bikain normalago, arrazoizkoago, beroago eta apurtu ezinekoa sor dadin. Hitz baten, erakuspen eta arrakasta haundiagokoa.

Ekinbide honek oroigarritarako eta, aldi berean, Euskal Artearen gaur egungo egoeraren ikerkuntzako eta Arte horrek azken-aldiko berrikuntza-joeretan duen eraginaren laguntzatarako izan nahi du, gure gizarteak hobeto ezagutu dezan, eta nazio-arteko agerraldi eta erakustaldietan aurrera eramateko.

Gure artistek eta Euskal Elkarteak orohar kultura ugariren erronka dute aurrean, eta horri lan eginez, gure gauzak eramanez eta eskainiz, aurre egin beharra daukagu, eta guztia, bizi gareneko ingurua iritzi ezberdinetakoa, irekia, agian adigaitza edo gutxienez ustekabekoa eta lehikorra delako. Eta kultura bakoitzak izan, aurretik joan diren asmatzaileek utzitakoa eta gaur egungo asmatzaileek egiten dutena du. Eta asmatzaile hauek, gure euskal asmatzaileak, bakoitza murgilduta dagoeneko benetako inguruaren barruan izan dira eta izaten jarraitzen dute. Eta argipidetarako, pedagogiazko, xaxatzezko eta gure gizarte eta kanpokoa limurtzeko eta guztiei sinigarri izateko xedezko kutsu zabal honek arrakastarik izatea nahi badugu, artista bere lanean arduraaraztea ez da aski, horrengandik hurbilen egonik argipideak eman, arakaketak egin, erakutsi eta sinegarritasuna lortzeko gauza direnak ere arduratu beharra dago. Horregatik, argitalpen hauek, bakoitzean, lana ezagutzen duten jakintsu, ikerlari, irizlari edo arakatzaileen esku uzten dira eta, hori, eurek inork baino hobeto egingo dutelako eta egin beharrekoa egiten inork baino hobeto dakitelako.

Jose Luis Zumeta pintore, hormako marrazkilari, sortzaileari eskainitako liburu hau oraindik aurrera doan lanaren adibide bikaina da.


Joseba Arregi Aranburu, Kultura eta Turismo-Sailburu

 +

ZUMETAREN lanari buruzko honetan jarri dudan arreta asaldaz betea izan da. Izan ere, ertilari aldakorra izaki, nere lana harriduraz-harridurakoa izan bait da. Zumetaren lanak urteen joanean aldi ezberdin ugari izan ditu. Berak lan bakoitzari azkeneko ttanttarainokoa ateratzen zionez —barruak hori guztia eskatzen nonbait —, zumuateraketa horiei arreta jarri beharra zegoen, gero beste aldi batera igaro eta gauzak berritik aztertzeari eta ondoriozko zumu-ateratzeari ekiteko. Aurretiazko teoriak ezer gutxitarako ziren. Bere sorkuntzen muinera hurbiltzeko baliozko era bat bakarra zegoen: kuadro bakoitzean sartu, eta azken-emaitza garaipen-ekintza izateko eran arakatu-bizi.

Baina, nik nere barruan egoten jarraitzekotan, kuadro bakoitzean sartzea ez zen aski. Marcel Proust-ek iragarri zuen "gizakia bere buruarengandik urrutirago joateko gauza ez den, bere buruaz beste ezer ezagutzen ez duen sorkaria da, eta aitzikorik badio, gezurretan ari da" —lakoak oso muturreko burutapena izatera eraman ninduen. Zumeta bilakatzeko egoeran jarri behar nuen, hots, teori-mailako Zumeta, noski, baina honen sorkuntzen minera, Leonardo da Vinci-k zioenez, bizi-ikasia teoria baino lehenagokoa dela garbi eukiz izan ezik hurbilduko ez nintzelakoaren jakitun izanez. Dena dela ere, liburu honetako arakaketa eginez ikasitakotik garbi geratzen denez, teoriak joan eta aldatu egiten dira, eta benetan geratzen dena ikustea da. Hori da artearen egi mudakaitzetako bat.

Zailtasun haundiko zatitzat eman genezakeena Zumetaren lana oso sakabanatua egoteari egotzi behar zaio eta, hori, ertilari joria delako, eta horren lan asko, bidean zehar, erakundeetako sotoetan eta pintatu ahal izateko kokatu ahal izan duen edo utzi dioten toki ugaritan galduta geratu direlako.

Gai honekikoan, geroagoko belaunaldietako ertilariek kontu gehiago izanez jokatzen dutela esan daiteke. Egiten dutenaren arreta haundia izan behar dutela dakite eta hori, beren lan guztiak egunen batean, ziur asko, liburutan errolderatuta ikusteko aukera izango dutelako. Aintzin-neurri hauek, zalantzarik gabe, erabat txalogamak dira. Zumetaren belaunalkoei besteraka gertatzen zitzaien, direla urte gutxi arte behintzat, ez bait zuten aintzin-neurri hauek hartzeko astirik izaten. Horien premia kuadro bakoitzarekingo eguneroko borrokan zetzan, eta, horien sorkuntzei gizarteak, orohar, egiten zien arrera eskasaren arauera, familiari eta/edo norbere buruari, noiz nola, eusteko sortzen ziren arazoei konponbide ematean.

Azken hitz hauen alderantzizko gisa, honako hau gogoraraztea besterik ez zait geratzen, Zumetak egindako lanari buruz liburu bat egiteko asmoa azaldu bezain azkar, asmo horri Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo-Sailak oso abegi ona egin ziola alegia. Sail horri esker egin ahal izan da liburu hau. Eta egin den honetatik abiatuz, Zumetaren arte-alorreko bizitzan ertilari horrek egindako lanaren bestelako adierazgarriak ba direlako oharra egiten da, hona nola, iragarkiak, liburuetako marrazkiak eta taiuketak, disko eta antzekoen azalak, etabar; horiek ez dira liburu honetan ematen, baina gizon horrek egindako lan guztiari datxezkonak direla oroitarazi nahi da.


J. L. M. Bilbao, 1989ko iraila

 

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu ondoko pertsona eta entitateei, Zumetaren obren azterlanak eta erakusketa antologikoa behar bezala burutzeko eskainitako laguntzagatik:

Ramón de Icaza y Zabálburu, José Maria Intxausti, José Angel Iribar, Isidoro Iturralde, Srs. de Iturrioz, Elixabete Laboa, Mikel Laboa, José Maria Lozano, Juan Marsal, Emilia Martinez, Fernando Meana, Angel Mendizábal, Musée Bonnat, Museo de Arte e Historia (Durango), Museo de Bellas Artes de Alava, Museo de Bellas Artes de Bilbao, Museo de San Telmo, Juan Olábarri, Enrique Ordóñez, Julio Sanchez, Manolo Sarabia, Victor Suinaga-Piedi Iriondo, Tintorerla Okendo, Javier Unzurrunzaga, Luis Benito del Valle Larrinaga, José Antonio Vallejo de Olejua, José Ramón Zabala-Maitane Arteche, Leopoldo Zugaza., Vda. de Luis Alonso, Ellas Amézaga, Julian Armendáriz, Hermanos Arteche, Unai Arteche, José Antonio Arza, Bernardo Atxaga, Juan Carlos Azqueta, Banco Bilbao-Vizcaya, Jorge Barandiarán, Elisardo Bilbao, Maria Bilbao-Josemi Salazar, Carlos Calparsoro-Paloma Lopez Tapia, Caja de Ahorros Provincial de Alava, Caja de Ahorros Provincial de Gipuzkoa, Javier Careaga, Diputación de Bizkaia, Diputación de Gipuzkoa, ELA/STV, Gotzone Etxebarria, Fundacion F. Orbegozo, Fernando Galdeano, Luis Gil-Asun Ibarra, José Gonzalez, Julen Guimon, Ignacio Herrero Mendiondo, José Antonio Ibáñez, Pedro de Icaza y Zabálburu.


+


Hemendik ateratzen

gaituelako dugu artea baliozko.

(Fernando Pessoa)

 

U

SURBILEN (Gipuzkoa) jaioa dugu José Luis Zumeta, 1939an. Zirriborroak baino ez ziren, geroago bere bizimodua izango zen hartan, egin zituen lehenengo saioak. Zirriborro horien bitartez betetzen zuen adierazmenik eza. Hasieran gaztelaniaz hitz egiten ez zekiela eta, gogo barnera jotzen zuen. Zirriborro haiek, gero, ikusten zuen guztiari buruzko marrazki bihurtu ziren. Zapatari zen bere lehengusu baten gustokoak ziren marrazkiok, eta hogerleko bat eman ohi zion, noizik behin, ongi egindakoren baten ordain.

Eskolan, fraideek mutikoentzako lan bila ziharduten. Izan ere, garai hartan, hamalau urte izanda hasi egin ohi zen lanean. Nahiko ongi marrazten zuela eta, fraideek marrazkigile lana egin zezakeela pentsatu zuten. Valverderen moldiztegian lan egiteko lagundu zioten. Horra, bada, nola sartu zen publizitate lanean. Letren marrazkiak egiten zituen, orduko letrak eskuz marraztuak izaten bait ziren. Bertan ikusi zituen goren artegileen irudiak, Cezanne, Modigliani, Paul Klee... Eta pinturan hasi zen. Hamabost urte zituela pintore izatea erabaki zuen. "Soldadutzara joan zen garaiz aurretik, lehenbailehen bukatzeko eta, horrela, laster Parisera joan ahal izateko moduan. Jarkiera haundia izan zuen familian. Ez zuten ulertzen lan finko bat utzi eta gordegalduan joatea. Baina Gipuzkoako arte giroak ez zion Zumetari etxean geratzeko pizgarririk eskaintzen, eskaini ere. Munduan zebilen arteari buruzko informazioa ezereza zen. Ito egiten ziren bertan Zumetak zituen mundua ezagutzeko antsiak.

Parisera joan zen 1959ko amaieran. Bertan zebilena ikusi zuen; Arteren mundu itzela bere begien aurrean: de Staël, Tapies, Appel, Corneille, Pollock, Asger Jorn eta beste askoren lanak. Erne eta denetara zabalik, asko dira adin hartan interesatzen zaizkion artegileak. Cezanne neurri haundi batean; Modigliani, oso aldi laburrean baina; Chagali ere garai batean; Picasso beti, baita Paul Klee ere. Baina modernoak ez ezik, kiasikoak ere sartzen zaizkion barrubarrura: Mantegna, Rembrandt eta beste batzuk kasu. Parisen bizipen zuzen-zuzena izan zuen José Maria Ortiz eta Rafael Balerdirekin. Elkar topatu zuten, bertan, hala beharrez. Balerdi gidari bikain bilakatu zitzaion artearekiko guztian, eta bai adiskide mami handi ere. Euren arteko adiskidetasuna betirako izango da, geroz eta haundiagoa.

Parisen urtebetean egon ondoren, Euskadira itzultzen da. Hondarribian lan egiten du, Remigio Mendiburu eskultorearekin. Abstrakzio munduan hasterakoan zerabilen pintura keinuzalea zen, eta nahiko likidoa. Oraingo ikuspegitik ikusita, ez du balio haundirik pintatzen duenak. Hura zen, ostera, bere barruan aurkitzen zuen onena. Dena dela, bataio artistiko hartan, abstrakzioa mundu bat bilakatu izana zen benetan garrantzizkoa. Lehenbiziko erakusketa egitea lortzen du, bi pintore zituela lagun: Balerdi eta Bonifacio, eta eskultore bat, Remigio Mendiburu. Donostian izan zen, Udal Arte Aretoetan.

Konturatu egiten da, luzarora gabe, pintura hartatik alferrikoa, behar ez dena, kendu behar duela. Keinu hutsaren bitartezko adierazpenari ez dio ezer berezirik aurkitzen. Halaber, keinuaren abiada hutsetik sortzen den bortizkeriak ere ez dio ajolarik ematen. Bere pinturatik soberan dagoen guztia kentzea du oraingo lehia. Beharrezko du aldaketa bat. Aldaketa hori burutzeko, zer eta forma horizontal marradunak (zerrendak), kolore garbiak dituztela, sortzea baino hobea. Kolorea dela eta, koadro bakoitzean hutsetik abiatuko zen. Zerrenda horizontal haietan, koloreek elkar jotzen zuten, elkarren gainean eutsita. Aurretik erabakitako gairik bazegoen, formak eta koloreak etzanean jartzen zituen erizpide arin hori zen bakarra. Ezin, garai hartan, Zumetak lerro zutun edota zehiarrik bere koadroetan ikusi ezta onartu ere. Dena zen etzaneko gelditasuna. Etzaneko kolore sorta baten aurrean gaude, lurraren hotsari adi baileuden. Zerbait dago barruan, lozorroan, adi-adi ezkutatua.

Koadro hauetatik abiatuta, Zumeta etengabeko ibilbidean hasten da. Lehen momentu horiez geroztik, Artearen Absolutuaren bila, behin eta berriz, ibiltzea izango da bere bizitzaren ezaugarria. Berak bakarrik egin zuen lehenbiziko erakusketa Donostian izan zen, Udal Arte Aretoetan. Hurrengo urtean, bigarren aldiz agertzen du bere lana, erakusle bakarra dela, Hondarnibian, Carlos V.aren Gazteluan.

Zerrenda horizontalen aldiaz gero jasaten du lehen beheraldi artistikoa. Ibizan bizi da. 1962 eta 1963 urteetan Estokolmon eta Londresen bizi da, José Antonio Arza olerkariarekin eta Julian Ibañezekin.

Arte plastikoaren unibertsoan ikusi eta ikusten duen guztiaren artetik, bere ideiekin, bere izaerarekin eta dituen Absolutu antsiekin ongi moldatzen dena hartzen du. Ez zaio berritzaile agertzen den guzti-guztia baliozko. Urte gazte haietan, besteengan aurkitzen zuena eurena bezain berea zen. Batek esan duenez, pintore baten garrantzitsua, errealitatearen ikuspegia barik, bere ikuspegiaren errealitatea da. Hortxe zegoen arteren muina Zumetarentzat. Bere burua, funtsezko zeritxon ideia bat joan zen mamitzen: artegileak formei eta koloreei utzi behar die ekimena, aurretik erabakitako gai batetik abiatu gabe. Funtsezkoa dugu aurkikuntza hori, aurrerantzean, Zumetaren mundua izango den guztian. Irudimenaz ikusi dezakegu nola grabatu zaizkion Zumetari berari, su bizian, funtsezko hitz hauek: arregileak formei eta koloreei utzbehar die ekimena...

Ideia horri bultz egiteko edo, etzaneko zerrenden mugirnendunk eza dugu argi ikusten duen lehena. Zerrendok ez zuten hazi ezta garatu nahi. Forma horiek mugiarazi beharrekoak ziren. Horrela izango zen erabilia formei eta koloreei ekimena uzteko hura, askatasun horretan sormena berezkotasunetik jaiotzen bait da. Automatismoaz bestekoa dena. Formen jarrera ez geometrikoa adurrik hutsenaren ikurra zela esan liteke. Ez diezaiegun aurrea hartu, baina, gertaerei. Marra luzeen bitartezko tentsio sorkuntzan ari ginen, formek protagonismo eta menpetasunen aldi bereko elkar gurutzadura bizi duteneko horretan, koloreek formak eurak bailiran diharduten bitartean. Mihisetan lan egiten duen bitartean, artegilea konturatu egiten da kolorea bere lanean funtsezkoa denaz, koloreani esker forma uler bait dezake, gehienetan. Koloreak lagun egiten dio forma ikusten. Kolorea pizgarri zaio. Kolorerik gabe, forma hutsaz, nekez sartzen da obretan.

Zurrunbilo horretan sartuta hasten da ikusten forma-kolorea, bide irekia edukiz gero, espazio piktorikotik mugitu eta zabaldu daitekeela. Pintatzeaz batera ikasten du lege hori. Forma-koloreak beste forma-kolore baten kontra jotzen duenean, bertan sartzeko ahalegina egiten du, eta lekurik izan ez edo gainditu ezinean, bertan bukatzen da. Lege hauek pintatzen diharduen bitartean ikasten ditu.

Zerrenda horizontalak alde batera uztearen ondorioz, kolore garbien lehergarritasunaz inguraturiko forma organikoak dituzten koadroen sorkuntzan hasten da. Beheralditik irtena dugu. Aberastasun pizgarri itzela duen beste aurkikuntza batez jabetu da: dagoeneko konsakratuak diren artegileengan mundu abstrakziozaiea gauza naturala bada, orain berari ere eskaintzen zaio ahalmen hori. Artea, zalantzarik gabe, menperatze ekintza dugu eta, agian, eutsi ezineko goganbeharra ere.

1965 garren urtea zen. Euskal Eskolako "Gaur" taldearen sorkuntzan parte hartzen du, Jorge Oteizarekin, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Balerdi, Amable Arias eta José Antonio Sistiagarekin batera. Zenbait talde-erakusketa egiten dute. Donostiako Barandiaran arte-aretoan agertzen dira, Bilboko Arte Modernoaren Erakustetxean, Gasteizko Amerika Erakustetxean. Urteak igarota, oso gauza erromantiko moduan gogoratzen du Zumetak "Gaur" taldea: "Edukin politikoa zeukan. Oso garrantzizkoa izan zen jendearentzat. Guk agertzen genuen artea gutxiengo bati, oso txikia, baino ez zitzaion axola, ia inori. Taldea sortu zen ordutik, ostera, geroz eta jende gehiagok aintzat hartu gintuen, seguru asko taldeak barruan zeraman edukin politikoagatik. Harrigarri gertatzen zen, hemengo mundu probintziar honetan, une batez, zeintzuk ziren hobeak, era klasikoan pintatzen zutenak ala geu, zalantzan jarri zela ikustea. Horrek izugarri lagundu zigun, eta bihotz eman ere. Neuri, behintzat, pizgarri haundia izan zitzaidan. Nahiko gazte nintzen garai hartan, eta horrek bultzada bat eman zidan. Oso zirraragarria izan zen. Baina laster bukatu zen, keinu funtzioa baino ez bait zeukan. Gauza polita eta erromantikoa izan zen Nafarroara heltzea kultur boterea hartzera".

Datu gehigarri bezala, esan behar dugu beste zenbait talde sortu zirela, Bilbon, Gasteizen eta Iruinean. Hona taldeon izenak: "Emen", "Orain" eta "Danok", hurrenez-hurren. Beharrezko da "Ez dok amairu" taldearen lana aipatzea, Mikel Laboa abeslaria zuela, besteak beste.

Zumetare arteak bere bidea jarraitzen du. Bizkortu egiten du bere barruko grina bortitza. Nola edo halako dinamismoa fabrikatzen du. Eroaldi eustezina bizitzen du. Betidanik sentitua zuen suaren eragina, kaleidoskopioen magiarena, jostailu anilinaz margoztuena, errusiar panpinena, kometena, suziriena, fabrikena, rnakinena, zulamakinena, feriena...

Honetara helduta, nork bere burua galdetzen dio Zumetak eskuartean zerabilen artea ez ote zen irudimenean sorturik egotetik urrun. Agian aieru bat egitea hobe, hots, arte hori gauzatzerakoan bertan agertzen direla jabetuak dituen aztarnak, helburu berrira birzuzenduak direnak.

Egin dezagun puntu eta aparte, arnasa hartu eta garai hartako Zumetaren psikearen barruan sartzeko moduan. Baliteke kontzienteak bere egitura plastikoa ekartzea, irudi arketipikoek, beti ere subkontzientearen geruzetan ezkutaturik, denek batera osotasuna Iortzera jotzen zuten bitartean. Bi ekarketa-irudi hauen artean kokatzen da adurra deritxogun hori. Hortaz, pintatzen esperimentatzeak, Zumetarentzat, berez adierazten lortzea esan nahi du, adimenak behar-beharrezkoa baino eskuhartu gabe, berezkotasun hori jariakorragoa izateko moduan. Baina, beste modu batez ere esan daiteke: pintatze ihardunean bertan, ideia bat dugu nagusi, hots, egiten den guztiak adierazten digula bilatzen dena. Beraz, zer bilatzen den ulertzea pintatzerakoan bertan berpizten da. Ez dugu inolako eragozpenik hura Zumetarentzat bizitza zelako aierua egiteko. Eguneroko bizitzak, pintatzerik gabe, ekarri liezaiokeena ainakoa edo gehiago...

Pintatzeko bizi zela esan liteke, eta gainerako denbora, pintatzen jarraitzeko, jasan behar duen zerbait dela. Bere bizitza osoan zehar saioak egingo ditu, behin eta berriz, bere pintore izateko moduan. Pintatzeaz bat, bere burua sentitzen du ordurarte egundo sentitu ez duen bezala.

Euskal Pinturaren Lehen Saria jasotzen du 1967an. Urte horretan bertan, erakusle bakarra dela, bere lana erakusten du Donostiako “Huts" arte-aretoan. Hurrengo urtean, urtarrilaren 4tik l8ra bitartean, Bilbon agertzen du bere lana, "Grises" arte-aretoan. Bi astebete horietan, "Grises" aretoa jai-areto bihurtu zen. Kolore lehergarriek bete egiten zuten areto osoa. "Grises"-en erakusten ziren lan guztiak erliebeak ziren. Zergatik erliebeak? Erraz da azaltzea, 67 eta 68. urteetan egiten zuen pinturak egiazko bolumenak adietzera ematen zizkiolako. Koadro horiek ba zuten hirugarren dimentsioaren itxura. Lehenbizikoz bolumenik gabeko espazioa zegoen, airea zegoen. Orduan, bolumenen itxuraren antza egiteko perspektibarik ez eta itzalik jarri nahi ez zuenez, egiazko bolumena zuten erliebeen eraikitzera jo zuen.

Obra horiek "Grises"en erakutsiak izan ziren. Zur muxarratuzko obrak, kolore garbiez pintatuak. Molde organizistazko forma abstraktuak. Zur pintatu horiekin, ba zeuden beste obra batzuk ere, material ezberdinez eginak. Ormirudi bat ere erakutsi zuen, altzairu herdoiltezinezko hondoan egina eta berezko erliebea zena burdin xafla meheez osatua zegoela. Erakusketa hartazko gomutarik biziena pisu haundiko gomari buruzkoa da. Antza denez, goma hori Zumetaren aitak atera zuen ibaitik, Usurbilen. Totxo formagabe, estu, trinko eta trauskila zen. Ibaitik atera zen bezalaxe utzi eta kolore garbiez pintatu zuen, hain zen Zumetak berak egin nahi zuenaren antzekoa. Lehen momentutik bertatik, gogoak eman zion gauza magikoa zela goma hura. Urtetatik irten eta bere begien aurrean ikusterakoan, goma hura, berak, ezin esan noiz, sortua balitz bezala sentitu zuen. Existitu izan zitekeen, guztiz existitu gabe, nolabaiteko bizipena edo izan zen. Zena zela, goma harek eragin arraroa ematen zion erakusketari. Gauza bizi baten itxurakoa zen. Indar adierazkor haundia zeukan. Gure irudimenak mugitzen ikusten zuen edonoiz, bere barruan taupadak ba zeudela susmatzen bait zen. Pieza gogoangarri iruditu zitzaigun garai hartan.

"Grises"en izandako erakusketaren katalogoan, erantzuna ematen zion Zumetak nire gutun bati, zera esaten zidala: "Esan niezaizukeen nire lanak arkitektura, topografia, hirigintza, makinak bezala ikusten ditudala, baina horrelakoak benetan izan ez daitezen artean ez dizut hortaz hitz egiterik". Bere hitzak izugarri ilunak izan zitzaizkidan orduan. Horrez gainera, ba zegoen beste erantzun bat katalogo horretan bertan, bere pinturak asmo galmendizkorik ez ote zuen galdetzen nionean ematen zuena. Zera zioen pintoreak: "Jakin ba dakit galmendi bat izan zitekeela, eta pentsatu egin dut, pentsatu ere, dimentsio haundiko obra egitean, eta bertan sartu eta ibiltzean. Ideia honek berotu nau, ez dut horregatik egiten baina. Baliteke ondorioa galmendizkoa izatea; galmendiak formak pilatzerakoan (eurek eraginda) gertatzen dira. Askotan, nik neuk ez ditut forma horiek ulertzen, forma bakoitza behin eta berriz errepikatu eta aztertu ondoren baino. Hala eta guztiz ere, ez zaizkit beti ulergarriak".

Bere artearen korapilotsua azkar asko areagotu zen. Urte haietan. orain baino denbora gehiago behar zen ikasteko. Ez zegoen orain aina informazio biderik. Esperientziaren bitartez ulertzen zen, apur bat baino ez bazen ere, norberak egiten zuena. Jakina zen artegileak etengabe jarraiki behar ziela ahalbide amaigabeei. Hegelen hitz argi-argi batzuk bide irekia uzten zioten bereganatzeari: Arte iharduna, eginkorra izango bada, hortaz jabetuta egon gabea izan behar da, kontzientziaren edozein partehartzeak arte iharduna aldaraz bait dezake edota obren perfekzioarentzat kaltegarri izan ere.

Ideia ugari urreratzen zitzaion artegileari pintatzeko orduan. Eskuak obra bat lantzen hasi aurretxoan, intuizioak adierazten zuenan berezkotasunez forma eman behar zitzaiola aditzera ematen zuen pentsamenduak. Espazio piktorikoa zuen inkontzienteak bere Ian egiteko lekua. Ez zegoen inolako arterik goi-etorri arrazoigabea heltzearen baldintzapean ez bazen. Ideia etorrera hori ezerezean geratzen zen koadroa ibilera geldiezinean hasi eta gero. Arteak, azkenean, hondatu egiten ditu arte teoria guztiak. Azken batean, pintatzeak fruitua arbolatik hartzearen edo ura eskuartean sentitzearen antz haundia du sarri askotan.

"Grises"en egindako erakusketan obra bat baino ez zen saldu. Koadro txiki bat. Zortzi mila pezeta ordaindu zuen. Diru gutxi emaztea eta bi seme-alaba zituen aita batentzat. 1964 garren urtean ezkondu zen Zumeta, Londresen. Hurrengo urtean alaba ba izan zuen. Monica. Seme bat 66.ean, Eneko. Geroago, 69.ean, bere hirugarren eta azken alaba izan zena, Usoa izeneko neskato bat.

Grises"en bere lana agertzen duen urtean bertan, 1968ean, eskuhartu egingo du "Gaurko Lehenengo Eskultura Aretoa"n. Kale ormirudi bat eskatzen diote Irunen.

Eskulturari gagozkiola, esan beharra dago, ez zen sakonean sartu. Gure ustez, gaitasuna zuen eskulturan ere sartua izateko. Datu argigarri dugu marrazketan gertatzen zaion horretan: hobeto marrazten du kenduaz ipiniaz baino. Eta hori funtsezkoa da eskulturan lan egiterakoan. Jarraian datozen hitzak ditugu horren lekuko: "Nik hobeto marrazten dut zuriz beltzaren gainean, beltzez zuriaren gainean baino. Irudia egiazkoagoa da beltza kentzen badut argia agertarazteko, alderantziz baino. Antzerako gauza bat gertatzen zait pinturan ere: gainezka ibili behar dut eta gero atzera egin, bestelan ideiari ez bait diot bere puntua hartzen; eta, gainezka egiten badut, ostera. gero kentzerakoan aurkitzen dut ongi datorkidan neurria".

Honek, Zumetaren eskulturarako gaitasun ustiagabea ulertzeko balio badu, bestetik, adierazi ere egiten digu zenbaitzu urte aurreratu garela kondatu nahi dugun istorioan.

Bilbon geunden, erakusle bakarra zela egin zuen erakusketan, hiriburu honetan egingo zituenetariko lehenengoan. Mexikon egin zuen erakusketa bat 1970ean, "Gaurko Euskal Pintura eta Eskultura Erakusketa" zeritzon hartan. Pintura aldetik, Bonifacio Alonso, José Maria Cundin, Agustin Ibarrola, Rafael Lozano Bartolozzi, Rafael Ruiz Balerdi, José Antonio Sistiaga eta José Luis Zumetaren beraren lanak erakutsi ziren; eta, gainera, Néstor Basterretxea, Eduardo Chillida, Vicente Larrea eta Remigio Mendibururenak, eskultura aldetik. 1970 garren urte horretan bertan, parte hartu egiten du New York-en, "Espainiar pintore gazteak" izenaz, egin zen talde erakusketan.

1971n su eta gar lan egiten du. Erakusketak pilatu egiten dira. Bakarreango bi Madrilen (Madrileko Ateneo eta Durán Arte-Aretoa), bat Bilbon (Mikeldi Arte-Aretoa), "Pintura Erakusketa" (Usurbil), eta Barakaldoko talde-erakusketa batean parte hartzen du, "Arte Plastikoen I. Erakusketa" izenekoan.

Iharduera grinatsu hori bere bizizaletasun itzeletik datorkio. Bai urte haietan, bai gero eta gaurregun ere, energiari eustea zen Zumetarentzat garrantzizkoa. Jabetuta dago energia horrekin koadroak beti ateratzen zaizkionaz. Pintatu nahitik dator energia hori. Ez da harritzekoa, beraz, urtetan zehar, pintatu egiteari balio ematen badio, neurri haundi batean eta oroz gain. Bere burua ezustean hartzea bilatzen du pintatzearen bitartez, entzute haundiz esan denez, berri guztia ezustean egoten bait da.

Bere bizizaletasunaren eskutik, barnetik ia oldarka ateratzen zaion hura pintatzera jotzen du, bere barne harmoniaren bila, berez zuen barru horren gaitze prozesuak kanporatu beharraren bila bailegoen. Berriz ere, teoria kutsuzko hitzak agertzen dira, pintorearen berezko joera ia-ia konturatu gabe heltzen diren berezko artikulazio batzutan dagoenean.

Bizizaletasuna aipatzerakoan, motibazioaz ere hitz egin beharko genuke. Motibazioak gogo berotasun eta suhartasun esan nahi du. Gogoberoa funtsezko urrats den aldetik, jakineko iharduerei ekiteko. Gogoberoan kokaturik, gogoberotasun hori hartuko du bere giltzarria, here fede goria balitz bezala. Schopenhauer-ren axioma batek ematen digu Zumetaren pizgarri den bizizaletasun hori ulertzeko giltza: "Motibazioa kualitate barrutik ikusia baino ez da".

Zumetaren hirurogeietako hasierako lanen ikusleek, obra abstraktuak zituzten euren begien aurrean, kolore biziez beteak eta forma kulunkaritakoak, hori guztia joan-etorrien zurrunbiloetan sartuta. Forma zehaztezinen nahaste bat. Forma horiek, batzuentzat, durunditsuak dira, gauza askoren gogorarazgarri. Ehun organikoak, metalen egiturak mikroskopiotik ikusiak, meteoritoak ostondoan zehar, zein beste abar asko izan zitezkeen.

Ez zegoen horrelakorik, horrelako durundurik, artegilearen asmoetan, jakinaren gainean behintzat. Forma zehazgabeen irudiak ziren, norberak, modu elkargarriz edo metaforiko sinbolikora joaz ere, asma ditzakeen gezur-egiazko irudietatik askatuak.

Noiz eman daiteke lan bat amaitutzat? Zein momentutan zeuden amaituta Zumetaren lan haiek? Lan batek baldintza hori betetzeko, artegile honek bizizaletasuna zuen erizpide. Hau da, lan amaitu bat bilakatu artean koadrotik borbor zebilen hura, eta borbor horri zentzazio piktoriko zehatzak deitzen diogu, bizitasunak bere guztia emana zuen momentuak adierazten zuen. Koadro bukatuari bere barne indarrak eusten zion. Postura egingo nuke horixe gertatu zaiola beti Zumetari, baita gertatuko zaiola ere pintore izan dadin artean; eta, hori eta bizi dadin artean esatea gauza bera dugu.

Kementsu eta setati, artegileak bere bide bizizalea jarraitzen du. Poliki-poliki kolorearen bereganatzean sartzen da, baita mugi-menduarenean ere. Bere begiek ez diete iadanik kanpoko gauzei begiratzen. Aski du pinturaren beraren barruan sartzea. Sortzen dituen lanak ihardueratik berberatik ateratzen ditu, ez beste inondik.

Urte horietan norbaitek esan izan balu pintura zirrara egiz betea dela, eta soinu bizi baten oihartzuna, lehoi baten bularretik ateratzen den orroarena bezalakoa, Zumetak, pozarren, bereak bailiran hartu zituzkeen. Bere eskuetatik ateratzen zuen arteak biziro aldarrikatzen zuen hori. Arte horrek, Zumetarentzat, ba zeukan existentzia, existentzia liluragarria. Edozein artek, egiazkoa bada, berekin dituen eragozpen guztiekin, eta horrelakoxea zen Zumetak egiten zuena, honen goinahia jolasaren askatasunani begira dago; jolasik jolas emankorrena. Barthes-en esanetan: "Kultura dugu gizakiaren berezkoa". Hortaz, zera gehitu nahi dut: jolastea gizadiaren haurtzarora itzultzea da. Ez gaitu, bada, harritzen artegileak, pintatzerakoan, egundoko aske ikusten badu bere burua. Zumetak betidanik miretsia zuen artegile batek, bere bizitzaren amaieran, aitortu zuenez: "Hamabi urtekin Rafaelek aina ondo ba nekien pintatzen, bizitza osoa behar izan nuen, ostera, ume batek bezala pintatzen ikasteko". Jakina denez, Picasso zen pintore hori.

Pertsona gehienei gertatzen zaien bezalaxe, atzera begiratzen zuen noizean behin. Joandako urteak kurritzen zituen gomutetan. Gomutarik bizienetanikoa eta lehena izan zen igeltsu zati hura, begi gisa bi lapa jarri zizkion hura. Sei urte edo zituen. Mojak ziren beste gomuta bizi bat, zuhaitzak urdinez pintatu zituelako zigortu zutenak. Ezin zehatz esan zein urtetan izan zen. Kalkulatu ahal zuen bakarra mojekin bost urte eta erdi zituenetik zazpi urtetaraino egon zela zen. Pariserako itzulia gogoratzen zuen. Usurbilen, bere jaioterrian, mendian pintatzen zuen, bazter urrun batean. Esan ohi zuen. tabernetan, koadro bat bukatzerakoan txapligu bat botako zuela. Orduan, tabernetan eta tabakodendetan, txapligu baten hotsa entzunda, ba zekiten Zumetak koadro bat bukatua zuela. Garai hartako beste momentu batean, bere herriko ibaiaren harriak pintatzea gustatu zitzaiokeen. Ideia hori otu zitzaionerako lehor zegoen ibaia. Harri bakoitza kolore ezberdinez pintatzea, kilometro erdiko bide batean, hori tentazio zoroa eta, aldi berean, iradokorra! Obsesio bat izan zen kolorearen kontua. Utzi izan baliote, mendia eta inguruko guztia koloreztatu izan zukeen. Benetako pintorea izatera heltzeko. kolorea norberaren baitako izan behar da. Hirugarren birika, bigarren bihotza,...

Berriro errealitatera. Urteak ekin-ibilian, 1972-73-74-75. Bere iharduerak jo eta ke jarraitzen du. Parte hartzen du zenbait kultur astetan, Usurbil, Tolosa, Iruinea, Azpeitia, Azkoitia, Ataun, Zumarraga Ordizia, Errenterikoetan, alegia. Palma de Mallorca-ko Arkitekto Elkartean egiten den "Miró 80" erakusketara agertzen da. Kaleormirudi bat egiten du Usurbilen, zeramikaz eta 145 metro koadrokoa. Ormirudi horretan, pintoreak ikasurtetan zehar bereganatu dituen konstanteak agertzen dira elkarrekin. Kolore garbien jaiari kolore ilun-opakuen zarrasta (ilun izkutuak, ilunak zelatan) eta zuriaren kontrastea gehitu dizkio. Horren bitartez, nabardura ilunetan sakontzea bilatzen du. Formei dagokienez, flotazio guneak sortu ditu espazioan. Tonu beroen, tonu hotzen, margo ilunen, hilen eta kolore detonanteen arteko kontrasteak agertzen dira. Zumetaren artearen beste ardatz bat nabaritzen dugu ormirudi horretan: kontrakoen batzea funtsezkoa delarik. Barne bultzada gogarte neurri batez kontrolatzen da. Ormirudi horretako zenbait elementu egineginak daude. Funtziorik estatikoena ematen dute. Elementu horiek sortzen dituzte ardatz zutun eta horizontalak.

Publicité
Publicité
Commentaires
José Luis Zumeta
Publicité
Archives
Publicité