Eusk 2
«Oi! biotz» erakusketa
«Figurazioaren bidez kutsu literarioa
eman diot abstrakzioari»
Elkarrizketa Garan
Ana Arruti
Bi urteko lanaren emaitza da «Oi! biotz» harribitxia. Jose Luis Zumetak, bere alaba Usoarekin elkarlanean, Arrasateko Santa Ageda ospitale psikiatrikoan argitaratzen zen «Globo Rojo» aldizkariko testuetatik abiatuta egin ditu bere marrazkiak. Orain arte bezala, abstrakzioa, figurazioa eta kolore biziak uztartzen parekorik ez duela erakusten dute 35 margolanek. Guztia, serigrafiaz eta mimo handiz josi dute liburu batean. «Lan luzea eta intentsua izan da, baita oso exigentea ere, baina nolabait erraztua, aspaldiko elkarlana dagoelako atzean. Aspalditik gabiltza elkarlanean, uste dut maila horretan nahiko ondo ulertzen dugula elkar. Gogor ibili gara honetan, nahiz eta beste lan batzuk tartekatu ditugun», azaldu zigun Usoa alabak.
150 ale egin dituzte, guztiak eskuz eta paper bereziarekin. «Teknikoki konplexuagoa da horrelako paperean lan egitea, baina emaitza askoz ere aberatsagoa da», argitu zigun Usoak. Liburu hori, orriz orri banatuta, Bilboko Arte Ederren museotik pasa ondoren, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian izango da ikusgai bihar 19.30etik aurrera, azaroaren 30era arte. Erakusketaz eta atzoko eta gaurko esperientziez hitz egiteko aukera izan genuen Jose Luis Zumetarekin.
Zer-nolako harrera izan duzu Bilbon?
Bilboko esperientzia oso polita izan da, jende asko joan da. 22.000 joan omen dira, baina noski, museo osoa ikustera. Hala ere, inpresio guztiak oso onak izan dira.
Testuekin uztartu dituzu zure margoak. Zein izan da prozesua?
«Globo Rojo» aldizkaria egiten zuen Arrasateko Santa Agedako jendeak, eta handik jasotakoak dira testuak. Aspaldikoak dira, orain 25 urte inguru jaso nituen. Testutik abiatuta margotu dut, baina nik ere nire lana azaldu nahi nuen, nire estiloa edo nire egiteko era. Orduan, pixka bat erdibanatua izan da: testuari lotu, gero pixka bat alde egin, gero berriro lotu... horrela ibili naiz.
Testuak idatzi dituztenekin izan al duzu inolako harremanik?
Pertsonalki ez. Aspaldiko testuak dira eta ez ditut ezagutu. Izen batzuk badakizkit baina besterik ez. Ospitalera liburua eramatera joan nintzenean zuzendaritzari eman nion, noski. Hango jendea eta giroa zertxobait ezagutu nuen, baina ez nuen galdetu ea hauek bizi diren edo ez... Gogor samarra egiten zitzaidan. 25 urteren ondoren, gutxi geldituko dira, segur aski.
Jarraitzen al dute aldizkariarekin?
«Globo Rojo» bera ez da argitaratzen baina antzerako proiektuak badituzte, literatura eta pintura mailan. Nik uste, liburua eraman nienean, pena edo hartu zutela orain ez jarraitzeagatik. Beraiek esan gabe, sentsazio hori eman zidan. Margoei begiratuz gero, orain arteko estiloari fidel jarraitzen diozula esan daiteke: abstrakziotik urrundu gabe eta figurazioarekin jolastuz.
Kasu honetan uste dut figura gehiago sartu dudala. Liburua den bezala izanda, esan daiteke, literatura kutsu bat azaldu nahi nuela eta horrela eman diot. Azkenean, irakurketa literario moduko bat bihurtzen da. Figurak horregatik azaltzen dira gehixeago. Historiak mundu guztiak ikusten ditu baina abstrakzioan hori guztia itxiago gelditzen da. Ezin aipatu gabe utzi koloreak. Garrantzi handia eman diezu oraingoan ere. Bai, kolore bizi-biziak, betidanik egin dut horrela. Gainera, serigrafia prestatzean, honek koloreak bizitu egiten ditu, intentsitate handiagokoak egiten ditu, beste edozein teknikak baino gehiago.
Atzera begiratzeko eskatuko nizuke. Nola gogoratzen dituzu pinturan zure lehenengo pausoak?
Hamabost bat urte izango nituen pintura ezagutzen hasi nintzenean: ikusten, ikasten... Eta segituan aukeratu nuen pintore izan nahi nuela. Karnetean berehala jarri nuen: «artista pintor», sinatzeko. Horretan ibiltzen nintzen, baina beste lan batzuk egiten ere bai. Urte askotan ez nuen ezer saldu eta denetik egin behar: erakusmahaiak muntatu ferietan, kartelen bat, zinemaldiko pankartak pintatzen ere egiten nuen lan -orduan eskuz margotzen ziren pankarta guztiak-. Hilabete batzuetan lan horiek egiten, besteetan pintatzen... Denetarik.
Ez ziren garai errazak izango.
Ez, gainera orduan pintura oso gutxi baloratzen zen. Eta nik egiten nuen pintura gutxiago oraindik. Nahiko aurreratua zen hemengo girorako.
Egoera horrek bultzatu al zintuen kanpora irtetera?
Bueno, kanpora, batez ere, ezagutzeagatik irten nintzen. Gainera, ez nuen denbora gehiegi egin. Joan-etorrian ibili nintzen asko, urte eta erdi, bi urte inguru. Parisen, Ingalaterran, Eskozian...
Eta bueltatzerakoan, jendeak ez zuen onartu, ala akaso, ez zuen ulertu zure lana?
Oso jende gutxi zen nik egiten nuen pintura horretan interesa jartzen zuena, oso gutxi. Baina ni bezala bazeuden beste batzuk ere: bai Balerdi, bai Sistiaga, bai Amable... Horiek denak egoera berdinean zeuden.
Agian horregatik etorri zen Gaur taldearen sorrera... Indarrak batzeko edo?
Gaur-en planteamendua Oteizarena zen oso osorik. «Frente cultural vasco» eta horrelakoak bereak ziren. Nolabait, zentzu politiko bat zuen. Hemen egiten zen pintura, kolore ilunak, kostunbrismoa, paisaiak, baserritarrak... Gaur-en bitartez gurearen maila berdinean jarri genuen. Guk gora egin genuen eta jendea gure lana onartzen hasi zen, besteak ere bai, noski. Ordura arte gurea zeharo azpian zegoen, ahaztua, utzia, mespretxatua. Une horretatik errespetu gehixeago izan zuen jendeak eta bi egiteko erak, nolabait ere, ontzat ematen hasi ziren.
Obra onenak garai zailenetan sortzen direla diote. Zuena, garai hartan, nolabaiteko erantzuna izan zen. Gaur egun, artistikoki edo maila kulturalean, ikusten al duzu halako mugimendurik?
Gaur egun askoz gehiago dagoela uste dut. Orduan lau katu ginen, eta alde batetik, askoz errazagoa zen bakoitza aurrera irtetea, edo behintzat, izena ezagutzea. Bestetik, aukerarik batere ez zegoen, erantzuna oso eskasa zen. Orain, berriz, erantzun gehiago dago, baina artista asko. Bi aldeak dira oso konplikatuak. Gurea zaila zen, baina gutxi ginen; eta orain errazagoa da, baina hainbeste jenderen artean oso zaila ikusten da.
Zer iruditzen zaizu egun egiten den artea?
Hain nahastuta dago, hainbeste motatako gauzak ikusten dira, bata bestearengandik zeharo ezberdinak... Oso irekia dago mundua. Edozein gauza, ondo egina bada, balekoa da. Lehen, berriz, denak ildo bat jarraitzen zuen, askoz ere konkretuagoa. Modak agintzen zuen. Orain edozer gauza uler daiteke: figuratibo fotografikoa, abstraktu hutsa, erdi bidea, espresionismoak... Den-dena irekia dago. Berdin da edozein gai edo egiteko era. Gainera orain, elementu berriekin, direla ordenagailuak edo beste tresna batzuk, posibilitateak izugarri ugaritu dira.
Zu zeu, nola moldatzen zara teknologia berriekin?
Batere ez, batere ez, «enemigos totales y opuestos». Hasi nintzen eta utzi, eta berriro hasi, eta utzi... Batere ez.
Artearen munduan hasten ari direnak nola ikusten dituzu?
Askoz ere prestatuago daude, batez ere, teoria aldetik. Teknika aldetik, zer esanik ez. Baina presa gehiegi ere badute, segituan nahi dute estilo bat hartu eta hori garatu, eta estiloa ez da markatu behar behin ere, estiloa, berez, ezinezkoa da ez edukitzea. Ez da leku batean finkatu behar, logotipo bat bezala, `nik horrela egiten dut' eta beti berdin. Hori ezinezkoa eta aspergarria da.
Krisia besterik ez dugu entzuten bazter guztietan. Zure inguruan eraginik izan al du?
Guk ere krisi asko pasa ditugu, hau beste bat, ez da oso garrantzitsua niretzat. Alde batetik, ona da. Oparoaldian, jende asko hasten da, «vacas gordas!». Eta gero, krisiak nolabait garbitu egiten du ingurua, hautaketa bat egiten du. Garrantzitsua da benetako ofizioa daukana mantentzeko, eta besteak, berriz, kanpoan gelditzen dira. Krisiak krisi, urteak joan, urteak etorri, zuk sortu eta sortu jarraitzen duzu. Hala da, bai. Nik uste, gainera, inoiz baino gehiago ari naizela.
Duela urtebete inguru, erakusketa handi bat egiteko asmoa aipatu zenuen. Zertan da proiektu hori?
Gustura egingo nuke. Horretarako leku berezi bat beharko nuke, ordea. Edozein lekutan egitekotan ez. Oraindik ez zait atera horrelako aukerarik. Ez dit betarik ere eman, egia esan. Oraintxe daukat koadro pilo bat, orain arte ez neukan erakusketa handi bat egiteko adina. Datorren urteari begira edukiko nukeela uste dut.
Zumetaren joan-etorriak
Atlas eta Aralar bitartean
Carlos Martinez Gorriaran
Bilbao Bizkaia Kutxa
Bilbao 1994
ATLAS mendikatea eta Aratar mendizerra munduko zati eder biren zentru dira; hemen, Zumetaren azken obrak urratzen dauan ibilbidearen bi muturrak ere badira. Oraingoan tenperaz eta tintaz paperean koloreetan egindako marrazkien bilduma bat da. Bertan desbardinak baina alkarregaz zerikusia estua daukien bi familia bereizten dira; batak, paper zurian tintura baltzez egindako zertzetada zabalak ditu ezaugarri, Aralarreko paisaia begien aurrean dauala marraztutakoak eta, gero, langelan kolorez jantzi dituanak, beirategiena lako efektu ederra sortuaz; bestea, piktorikoagoa eta, zelanbait esateko, «marokkoarragoa», tenperak emoten dauan kolore opako eta atertziopetatudun mantxekaz, seriean jarritako irudi erritmikoak be agertzen dirala apaindura magrebiak gogorazoaz, Atlasean aurkitutako irudiak be gaineratzen dituata, lan honeek lehenengoz erakutsi euskuzanean Zumetak aipatu eban kolore biziko eraikin tradizionalarena esate baterako. Elementu honeek estu, askatasun handiz, jarri ditu, atzea geometriko samarra izanaz, in berezkoa, baina, asko zapaldutako alfonbra bateko irudien trama balitz lez, edo ia zirroborroetan geratu dan mapa baten hariak balitzaz lez agertzen dauan atzea izanaz, halandabe ikusleak ondo nabaritzen dauana, kolorea eta trazoak galdu barik. Koloretasun eta marrazkiera honek, ohizkoa dauanez, Zumetarengan hain klasikoak eta tipikoak diran ejekuziorako askatasuna eta argitasuna gordeten dauz.
Marrazki batzuetako trazo ilun zabal eta biziak eta besteetako geometria joria hainbat eratara osagarriak izanaz agertzen dira. Marrazketa lantzeko ariketak izango balira lez erakusten deuskuz, euren berezko adierazkontasunaz, eta, egilearen ezaugarri plastikoei esker, Atlas eta Aralarraren bitartean egindako joan-etorri ikonografiko hau osatzen daben ikuskizun, kolore, ezaugarri eta irudi diztiragarri honeen mugikortasuna paperean harrapatzen dituan sare lez.
Aintxina, argazkigintza ondino hain zabal lantzen ez zanean, bidaia-liburuak egiten ziran bidaiariak bisitatutako lekuen oroimen grafikoa gordeteko; inoizkotan, senide eta lagunak norberak ikusitakoekin aho zabalik ixteko be balio eben. Dirudunak ziran bidaiariek eurekin batera grabatzaile edo marrazkilari profesionalak eroaten ebezan, kategoria handiko bidaia-liburuak prestatu egiezan. Napoleonek berak be marrazkilari aldra handi bat eroan eban Egiptora, denboraren eta espazioaren sakontanunetan egindako aurkikuntzekin aho zabalik geratzeko egarriz egoan Europa ilustratu eta erromantikoari Nilo zaharreko aztarren harrigarriak erakutsi eutsiezanak eurak izanaz. Grabatu eta marrazki hareek argazkigintzarik konbentzionalenari esker gaur egun egiten diran irudi hotz eta neutroekin konparatu daikeguz eta, ondotxo dakigu, aintxinako bidaia paleoturistiko hareek, beste ezeren aurretik, naturak eta historiak bidaiariari eskaintzen eutsazan gauzen artean probetxugarrienak ziran irudiak harrapatzeko ikuspegi sortzailearen frutu zirana. Benetako bidaia kontakizun horixe zan, bai literaturaz bai irudiz lagundutakoa izan, batetik bestera ibiltearen kontu hori beti aurkezten eben-eta gauza azaroso eta ezeroso lez; grabatu edo marrazki bakotxa, guztiz ezezagunak ziran paisaiez osatutako unibertsuan zehar bidaiatzeko atxaki ziran.
Gaur egun, turismo masiboak, bapateko argazkimakinak eta bideo-kamarak eskuen artean edozeinek darabiltzala, agentzietako foiletoetan eskaintzen diran gauza berberak aurkitu nahian, bidaiatzeko orduko modu ha ahaztuazo egin deuskue. Irudimenez bidaiatzen dabenek artean babestu dabe euren burua, eta horren adierazte ditugu Zumetaren marrazki honeek. Zumetaren gaia sentsibilitatezko bidaiena da —hau da, bidaia estetikoena—, tokiko ikuspegi topikoek erakutsi gura ez dabezan irudi bitxiak agertzen dauazana, hau da, toki horreetako zentzazio, emozio, ideia eta oroimenek bidaiariarengan eragiten daben egoera erakusten dauana. Ohizko bidaiekin desioak bete daitezan borrokan geratzen dan gauza bora jazoten da, gizakiaren bizitzan bi zoritxarrekorik handienak euron eraginez agertuaz; zerbaiten desioa izan eta ez lortzea, eta lortzea baina desio barik. Mekanikoki, imajinazio barik, bidaiatzen danean be gauza bera gertatzen da. Baina bidaia estetikoak, ostera —gure asabek sentimenduzko bidaiak deitzen ebezan hareek—, amaitezinak dira, behin eta barriro bersortzen dira, begiratze hutsak baino sormenerako aukera handiagoa emoten dabe.
Holan ba, Atlaseko mendi marokkoar honeetatik hemengo Aralar mendizerrakoetaraino Zumetak irudikatutako paisaiak, euskal eta bereber gailur horreetan zehar egindako bidaia fisikoaren arteak sortarazitako barruko bidaia amaitezinaren erakusgarri baino ez da. Artea bidaiatzeagaz zerikusi handia daukan prozesu produktiboa dira; bidaiarik onenak eta artelanik onenak mugimenduan nagusi sentsibilitate entrenatua danean agertzen dira. Bidaiak izateko bidaiariak egon behar dabe, eta paiasaiak egon daitezen, baita. Lorategien diseinugile ospetsu batek, Cheng Gongzhouk, hauxe idatzi eban honetaz: «Paisaia bat biztu egiten da sentimenduetan oinarritzen danean; eta honee gizakiarengandik datoz (...); gizaki barik ez legoke sentimendurik; eta honeek barik, ezta paisaiarik be.» Jasotzezko estetika batetik beste modu batera esango geunke, beharbada zehatzagoa baina hain intuitiboa ez dan modu batera, estetikaren aldetik pobreagoa dan erara izan be: berari begira dagoen eta esanguraren bat emoten deutsan ikusle barik, batez be artista barik (paisaia «naturala», beste ezer baino lehen, artearen produktu kulturala daeta), naturako edozein zati ekosistema hutsa da, baina ez paisaia. Paisaia gertaera estetikoa da: zuhaitz bat basoan behera jausten danean soinuzko uhinak sortzen dira; baina inork entzuten ez baditu ez da zaratarik egongo. Estetikaren aldetik errealena dan lekua irudikatzen dana da. Artearen balio kojnitiboa, sentsibilitaterik ez daukan lur-geruzaren gainean zimur zabal baino ez ziran lekuei esangura emoteko gaitasunean, hau da ezagutua izateko beste modu bat emoteko gaitasunean datza —Zumetaren obra honeetan ikusten dan lez—.
Euren narratibotasunagaitik, marrazki honeek 1984-85 aldikadan Zumetak egindako «Papiroak» ospetsu hareek dakarskuez gogora. Kointzidentzia hau ez da kasuala, lan bi horreetan agertzen dan lojika narratiboaren eragina baino. Artistak egunero egiten eban ibilbidean bizi izandako jazoera, leku eta gertakarien unibertsua tenperaren bidez kartoi ondulatuan sortu baeban «Papiroak» izeneko lan hareetan, beste honeetan Atlas eta Aralarra ere espazio eta momentu intimo, eta, halandabe, emotibo bihurtzen dira guztiontzat.
Zumetaren koadro eta egunei buruz
Carlos Martinez Gorriaran
Zumeta 90-91-92
Egunaren espazioa eta pinturaren denbora
Erakusketa honek 90-92 urteetako lan aukeratuak biltzen ditu. Hemen ikus ditzakegun koadroetariko asko alla prima pintaturik daude, hau da, saio bakar batean. Ez da funtsarik gabeko abiadura baten harrokeria, ez eta exekutatzeko trebetasun eta arintasunaren erakusnahia ere —"akziozko" pintore ospetsu jakin baten obren antzera, zeinak paraxutez hegazkin batetik lurreraino egindako bidai histrioniko batek irauten zuen bitartean egiten zituen—. Lanegun baten emaitza eta lanegun horre arima diren koadro hauetariko bakoitza, egun baten mamia da (itxurazko erraztasun hau menperatzeko zenbat egun antzu eta indargabetu behar izan diren, pintoreak besterik ez daki).
Koadro bakoitza egun batetik sortutako espazioa da eta egun bakoitza berriz, koadro bakoitzean bizitako denbora; esperientzia estetikoaren eta eguneroko bizitzaren arteko teilakapen bizi honetan, Zumetak aurrera egiten du here artista-bizitzaren onenera hurreratuz. Beraz, erakusketa hau lehen ez zegoen espazio estetiko handi bat da, Zumetaren lanen eta egunen jarraikera emankorraren bidez sortua.
Arteak, beste kultur iharduerez urruntzen duen ezaugarri bereizgarri bat du: zera da, zerbait estetikoki adierazteko guztiz beharrezkoa dela egitea, alegia. Metalengoaiarik ez duen artea —hau da, ezein sistema logikok ezin egiazta edo gezurta dezakeena—, erabat pragmatikoa da; artea here esperentzia besterik ez da. Proiektu, itxaropen, ideia, teoria eta asmoek, ezin dute inolaz ere egitea ordeztu. Alferrik da sentikortasuna adieraztea edo irudimena kontzeptuatzea : esperimentatu egin behar dira zentzumenen esku utziz eta horixe da hain zuzen ere artistek eta beren obrek hobeto edo okerrago egiten dutena. Eta Zumeta, erarik miresgarrienean egiten dakiten horietarikoa da; hortaz, artista handi bat da.
Zumetaren azken obra honen funtsezko ezaugarrietariko bat, zuzenean jaso eta sentitzeko egina dagoela da. Bere indarra, egina izan deneko moduaren ondorioa da, izan ere artea batik bat esperientzia izanik, zalantzarik gabe esperientzi hau eragiteko era anitz bait dago, moduaren arabera balio gehiago edo gutxiagoko esperientzia estetiko mota bat ala bestea suertatuko delarik. Oraingo honetan, Zumetak bereziki zaila den bidea aukeratu du. Obra hauek esperimentalak dira beren helburua irudimena eta sentikortasuna sustatu eta sortaraztea delako (beste aitzakietara jo gabe). Izan ere, koadro hauek ez gaituzte aldez aurreko kontzeptu-sistema batera eramaten; aitzitik, zuzenean zentzumenetara doaz: esaera herrikoiak baieztatzen duen bezala, "begietatik sartzen diren" obrak dira. Hau, nahita, orainaldiko artea da, berehalakoa (pintura hutsa dela esango genuke baina —zorionez— edozer gauza da artea baino hutsagoa).
Hortik dator koadro bakoitza lan-saio bakar baten —edo, formatu handiagokoetan, ahalik eta saio gutxienen— emaitza izatearen garrantzia. Zumetak, damu eta birpintaturik ez egoteko eta trazu bakoitza hasieratik bere lekura joateko ahaleginak egin ditu —bere tailerrean, Zumetak "pintatzea zera da, kolore bat beste baten ondoan jarri eta torturatu gabe biak lotzea, alegia" gogorarazten zigun, esaldi hau, Rubensena izanik ere, lasaitasun osoz bere egin dezakeelarik. Sistema honek oso disziplina zaila ezartzen du baina behin menderatu ondoren artifizioen ekonomiak sortutako freskotasun erakargarri horri ematen die koadroei; koadro hauetan dagoen guztia —teknikak, prozesuak, nahiak—, den bezalaxe agertzen da.
Une batez errepara diezaiogun Zumetaren teknikari; bere helburua, pinturaz armatutako eta mihise zuri baten aurrean jarritako sentikortasun baten ahalmena ahalik eta erarik zuzenenean azaltzea da, zirrimarrarik eta aldez aurreko planik gabe. Olio-pinturaz egindako koadroak dira, material honek pintorearen egintzak beste edozeinek baino hobeto erregistratzen dituelarik, izoztuko bailituen. Orban dentsu eta arinez, pintzelkada azkarrez, grafismo kaligrafikoz, zirriztatzen den pinturak igurtzi eta gainezkatutako azalerez, gardentasun eta gainjartzez, etab.ez daude eginak. Oso irudimenezko aberats baten topografia izanik, koadro hauetariko bakoitza koadro horretan bizitako denboraren erregistro leial, sismografiko eta barometrikoa da batez ere.
Baina era berean, koadro hauetariko bakoitza praktikaurteetan bildutako jakintzaren emaitza da. Hementxe dago kolorea, bere aukera guztietan dizdiratuz edo itzaliz —pintura kolorista zorrotzean emandako urteen fruitu ere—: kolore intonatu, kontrastatu, karraskari, itzali, zuzen, gogarazle, adierakorrak; beren kualitate espazialengatik erabilitako edo beren tinbreagatik hortxe jarritako koloreak; kolore gorpuztun eta lurrunkorrak, lurkara eta saturatuak. Beha ezazue zer nolako argitasuna lortu duen Zumetak koloreorban eta kolore-trazuzko ehun dentsu horretan, non bakoitza bere ondokoetan barrensartzen den hauek oztopatu eta hauekin nahasi gabe. Koadro bakoitzak here nortasun propioa multzoan gordetzen duen bezalaxe, pinturazko elementu bakoitza besteetatik bereizi egiten da hauekin elementu eta momentuzko mosaiko bihurtutako koadro baten osotasuna antolatzeko.
Eta Zumetak brotxak eta pintzelak erabiltzeko duen moduan sintetizatzen dira gehien praktika —urteetan sortutako pintura— hektareak; eta modu honen bidez ere iristen da Zumeta benetan pintore —maisutasunera— ildo honi jarraiki erakusketa hau edonorentzat ikasgai bihurtzen delarik—. Normalki, pintura horrela edo hala aplikatzen da efektu hau ala bestea lortzearren. Hemen ordea trazu, lerro, marradura, zirrimarra, orban, borroi, zirrista, ehunkera eta gardentasunek balio zehatza dute koadroan, direna besterik ez bait dute izan nahi. Horrela lortu du Zumetak esanahia eta ekintza sintetizatzea: keinu guztiek esanahia eraikitzen dute, esanguratsua den oro koadroan dago. Ez dago alegoriarik, ez eta zita eta kontzeptu kateadurarik ere; pintura zuzen eta librea besterik ez.
Zertan datza koadro baten nortasuna
Gaur egun, abangoardiazko esperimentu artistikoetan ehun urte eman ondoren, ia ezinezkoa da obra original bat egitea, obra originaltzat erabat berri eta harrigarria den zerbait ulertuz. Hala eta guztiz ere, oraindik obra pertsonalak egin daitezke, Zumetaren hauek bezalakoak hain zuzen.
Transmititzen duten indarra, beren nortasunetik dator zalantzarik gabe. Baina zer esan nahi dugu pintura batzuri nortasunaren giza-atributua ematen diegunean? Koadro hauen kasuan, atzemateko dugun gaitasun arrunta gainezkatzen dutela hain zuzen; era honetan, koadro hauek etiketatu eta sailkatzeko dagoen zailtasuna adierazten dugu. Koadro hauez ezin dugu ia ezertxo ere esan deskribapen globaletara joz; trataera indibidualizatu, propio eta pertsonal bat exigitzen digute, koadro hauetariko bakoitza ezin errepikatuzko denbora eta espazio baten fruitu bait dira (koadro hauek irudikatu edo plagia daitezke, ez ordea kopiatu). Gure adimenezko mapa zakarrak, bere koordenada sinpleekin, ez du bere topografia aberatsaren berri ematerik lortzen.
Aprobetxa dezagun pinturazko ikasgai zumetar hau gai garrantzitsu hau ikertzeko. Obra mota honen balioa, non gaia obra bera bezainbeste obra honekiko dugun harremana den —axolagabeki "arte abstraktu" deitzen dugun hori alegia—, obra hauek esperientzia estetikoak sortarazteko duten gaitasunaren araberakoa da erabat (pinturaz betetako mihise bati nortasuna aurkitzeko gaitasuna adibidez). Dena den, hau gerta dadin ezinbestekoa da hartzaile sentikor bat izatea —azken batean, arteak soilik puska dezake teoria estetikoak isten dueneko zirkulu errekurrentea—. Izan ere, arte-obra baten nortasunaz hitz egiten dugunean, gure sentikortasun eta pertzepziorako gaitasun propioaz ari gara. Obra askoren balioa, obra itzali ugariren artean beren dizdira pertsonala antzemateko gai den interpretari batekin noizbait topo egiten duten araberakoa da.
Artea, eskuharki, hiruren arteko gauza da: autore bat, obra bat eta interpretari baten arteko gauza alegia. Obraren nortasuna, harrera eta interpretazio estetikoa datzaneko ideia eta sentsasio zahar eta berrizko trafiko zaratatsuaren artean nabarmentzen da. Izan ere arte-obra ona interpretariarentzat nortasun bat egotzi behar dioneko beste bat da; prozesu horretan, interpretaiak hau argitu eta beste hura izkutatzen du. Bere egozpena bere irizpide eta esperientziatik nahiz obraren barru-barruko kualitateetatik sortzen da. Obran agertzen diren —eta agertzen ez diren— kualitate artistikoak dira pertzepzio eta interpretazio estetikoa gidatzen dutenak. Izan ere arte obra irekia izan arren, Ecok proposatu zuen bezala, ez da amaigabea eta ez du edozein interpretazio onartzen; ez eta edozein interpretari ere; zenbait arte-obra, Zumetaren hauek beharbada, mereri izan dehar dira hark pintatu dituen bezalaxe. Obra eta onterpretariaren lehia horretatik, obren nortasuna deitu dugun hori, hots, harritzeko eta erakartzeko duten gaitasuna sortzen da txinpartatsu.
Arte-obra bat zenbat eta “besteagoa“ iduritu —ez hain ezaguna eta ustegabekoagoa—, gu zenbat eta gehiago astindu eta bera abastraitzeko dugun gaitasunetik zenbat eta gehiago ihes egin, hainbat eta pertsonalagoa suertatzen da; obra onek pistak ematen dituzte baina erraz egiten diote ihes ezinbestez beti murriztailea den interpretazio bati. Bibliako sasiaren antzera, arte-obra onek su hartu eta, itzali gabe, argia ematen dute. Obra eta hartzailearen arteko erlazio bikoitz honi, erromantikoek artearen “misterioa“ eta “adieraezina“ deitzen zioten. Zumetaren kuadro hauetan ere agertzen da neurri handi batean. Eta ez kasualitatez, interpretariaren irudimena eta sentikortasuna itzali ordez martxan jartzen dituen egiteko modu baten produktua direlako baizik. Inoiz agortu ezingo dugun, begirada bakar batez inoiz jaso ezingo dugun aberastasuna duen zerbaiten aurrean gaudela jakitearen harridura gozo hori sortarazten diguten nortasun nabarmeneko obrak hain zuzen ere.
Kontaketatik momentura
Zumetak askotan biziki narraziozkoa den pintura bat egin du, 84 eta 85 urteetako Papiroak zoragarriak adibidez. Erakusketa honetako obrak ordea, ez dira narraziozkoak. Hark berak adierazten zigun bere bailerrean halabeharrez irudiak oroitarazi edo objetu identifikagarriak gogarazten zituzten formez ihes egiten ari zela. Kontaketa saiheste hau zer da, orientabide aldaketa bat besterik gabe ala zerbait sakonagoa? Jakina, ez da funtsarik gabeko egintza bat izan, zentzuz betetako egintza baizik, zeinak pintura hauek pintatzearen egintza berarekiko urrunak diren gauza eta egoeren eskatu gabeko eskusartzetik araztea bilatzen duen. Orain auzia zera da, koadro bakoitzaren momentu eta leku propioa soilik azaltzearren pinturazko kontaketa esekitzea alegia.
Estrategia hau ezinobea da obra hauen esanahiaren eta obra hauek pintatzeko moduaren arteko sintesia isteko; Zumetaren beste obretan hain garrantzitsua den narrazioa iraitziz, koadro bakoitzaren nola eta zertarako horren arteko bikoiztasuna desagertzen da. Pasadizuzkoa denari uko eginez, pintoreak jokoan duen apostu arriskutsua goratu egiten du; pintura zuzena lortzea alegia, kontzeptuaren hedadura osoan. Koadro hauek jadanik ez dute istorio bat kontatu nahi irudien bitartez agertaraziz; beren istorio bakarra, lanegun eder bateko beraien ernaldi eta jaiotzarena da. Heurak berak dira, bizitzaren momentuak dira.
Zumeta, laudorio eta
leialtasuna pinturari
Carlos Martinez Gorriaran
Zumeta 98-99-00
San Martingo azoka
Donostian, 2000
DONOSTIAN gerra ondoan aurkeztu ziren abangoardiako lehen erakusketetara jendea agertu zenean, 60ko hamarkadaren hasieran, bereziki eskandalagarria gertatu zen pintura bertikalezko sail bat non Zumeta izeneko batek koloreko zerrenda batzuk pintatu zituen elkarren gainka, zerrenda zerrendaren gainean, ez asmo ez gai jakinik antzematen ez zitzaienak. Euskal pintore batek etxean erakustera ematen zituen lehenengoetakoak ziren pintura haiek, ez adierazgarrienak; obra haien gala pintura bera zen, harridura kolorearen lilura mugagabearen aurrean eta pintatzetik sortzen diren forma sumagaitzen aurrean —artearen historia nagiak arte abstraktu deritzana—, pintoreak eta haren hartzaileak esperientziaren kanpo munduaren eta irudimenaren barne eremuaren artean hasitako bidaia.
Jose Luis Zumeta, Gipuzkoan, Usurbilen 1939an jaioa, leial jarraitu zaio hasierako kolorearen eta ekintzaren emozio han bere lanbidean izan dituen aldietan zehar. Funtsezko pintore horietakoa dugu, bere garaiko beste zenbait pintore liluratu diren hizkuntza eta metahizkuntza jokoez honuntzago eta areago dagoena; bere burua edo gu harritzeko pintatu besterik egiten ez dakielako da behar-beharrezkoa, etengabe berritzen duen pintura erronka horrekin, beti bera eta beti desberdin. Bere obra etenik gabeko laudorio bikaina da pinturaren jokoari buruz. Arte heziketank batere baduen edozein pertsonak ulertuko du Zumetaren lana, Ian gardena baita, eta inolako zalantzarik gabe gozatuko du, pinturarekin gozatzen badu.
Bestalde, artista den aldetik Euskal Herrian arte modernoak gerra ondoren izan duen bilakaera azkar eta bereziaren ikur nagusietakoa dugu, nazioarteko artearen azken abangoardiak batetik, eta frankismoak eta bertako gizarte kontserbadoreak ezarritako isolamendua hausteko premia larria bestetik, elkartu dituena. Horrexegatik da Zumeta historiaren eta prozesu orokor baten ordezkari izateko fortuna eta oztopoa duen artista bakanetako bat, bere obra hain nortasun biografiko handikoa den arren.
Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, Bonifacio Alonso eta Carmelo Ortiz de Elguearen belaunaldi eta talde bereko kidea, Zumetak 1959an Parisera egindako bidaian aurkitu zituen expresionismoaren eta abstrakzioaren ahalmen poetikoak berekin ekarri eta zabaldu zituen, sekulako emozioz murgildu baitzen han Cobra, Stäel, Pollock, De Kooning, Chagall eta Picassoren mundu ezezagun eta horditzailean. Zumetaren kolore puruak, gartsuak, abstraktuak eta keinuzkoak ustekabeko leherketa baten gisan zabaldu ziren garaiko panorama hits, gris eta kaxkarrean. Ikusleak, aurrez abisurik jaso gabe, aparteko pintore belaunaldi batekin topatu ziren, bai kalitate estetiko handikoak zirelako bai etika miresgarria zutelako agintearen herrari eta gehiengoaren axolik ezari tematsu aurre eginez. Eremu mugagabe batean dilindan bezala ageri diren irudi organikoak, kolore gartsuak eta saturatuak, keinuzkoak, kolore harmoniatsuagoei eman zien bide 1967-68 aldera, eta kromatismo ausartez pintaturiko egur eta metalezko erliebeak etorri ziren gero; eskulturaren objektu mota hori ere ez zen bat etortzen euskal eskulturaren estilotzat dogmaren pare onartzen eta ulertzen zenarekin, hau da, orduko euskal abangoardiarekin bat egiten zen estilo neurritsu, zeremoniatsu, organiko edo formalista baina soil harekin.
Zumeta “Gaur” taldearen sortzaileetako bat izan zen, euskal abangoardiaren ohiko kidea. Baina bere Ian heterodoxoen antidogmatismoak askatasun sortzaile garbienetakoa eskaintzen du bere garaiko Euskal Herrian, aurreinitzi ideologikoek pisu handiegia izan baitute beti bertan. Askatasunezko bide horretan zeramikazko erliebe handiak egiten ditu 1974 eta 1976 bitartean (Usurbil, Pasai Antxo eta Zarautzen), monumentu, umore eta bizitasun joko ederra eskainiz, 1976-77 aldera erabat aldatu zuen bere pintura "Grisen" errezeletan sartuz; metamorfosi ikusgarri baten krisalida izan zen hura, zeren eta parentesi horren ondoren pop-art eta espresionismo soziopolitiko eztenkari bat hasi baitzuen garraztasunez jorratuz euskal estetikaren joera nagusia eta klase ertainaren iruditeria —arteari bizkar emanez bizi zena, egia esatera—.
Ironia horiek azkar samar utzi bazituen ere, ipuin bat kontatzen den eran pintatzearen bertuteak sumatu zituen Zumetak haietan. 1979 eta 1983 bitarteko lan askok bat egin zuten, betebetean, atzera begirako neoespresionismo postmoderno ironiko harekin (boladan zegoen Koloniako Westkunts hartan gazte basatiak “desestali” zituztenetik). Zumetak jaso ez bazuen ere berearen hain antzeko sentiberatasun haren famaren mesederik, espero izan zitekeenez, aurrera egin zuen bare jokoekin. 1984an tenpera sail harrigarri bat egin zuen industriako kartoi kizkurrean: Papiroak; izen horrek hitzerdika aipatzen du aparteko pintura hauen ehundura narratiboa, XX. mendean euskal pintore batek eman duen onen-onenekoa baitira eta neoespresionismoaren gailur bat, gutxi ezagutzen diren arren.
Zumetaren pintatzeko era, deskontrola kontrolatuz eta ustekabearen mendean jarriaz, 1992ko alla prima lanetan burutzen de. Gaur egun klasiko bat de bere koherentziari esker, eta 1979an egin zuen aitorpen honek laburtzen du horren sekretua: “Konpromisua norberarekikoa da, bat ez bada leiala norbenarekin, ezin izan daiteke da beste inorekin".